Latindar alfabetoaren historia
Latindar edo erromatar alfabetoa antzinako erromatarrek latina idazteko erabili izan zuten idazkera sistema da eta, gaur egun, munduan gehien erabiltzen dena. Hizkuntza erromanikotan, germanikotan eta beste hizkuntza batzuetan erabiltzen denez, lehenik Europan eta gero munduko beste leku batzuetan, eta beste hizkuntza batzuen idazkera erromanizatzailean erabiltzen denez, orokortu egin da. Txinan ere erabiltzen da ofizialki (bere idazkera ideologikoaz aparte), eta Baltikoko estatuek eta eslaviar batzuek hartu dute.
Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Latindar alfabetoaren azken jatorria alfabeto grekoan dago, Pitekusa eta Kumas Italiako kolonia eubearretan erabiltzen zen mendebaldeko aldaeran zehazki. Erromatarrek beraiek transmisioa greziarrengandik zuzena izan zela uste zuten arren, Evandro edo Herkules bezalako pertsonaia mitologiko batzuetan ere pertsonifikatuz [1], bai latindar alfabetoaren barne egiturak, bai beste datu arkeologiko eta historiko askok prozesu honetan etruriar alfabetoaren bitartekaritza baten beharra onartzera daramate[2].
Bilakaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromatarrek, beraz, inguruko etruskoen alfabetoa hartu zutela uste da K.a. VII. mendean; azken hauek, era berean, Italiako greziar kolonietatik eratorri zuten euren alfabetoa. Halaber, antzinako alfabeto grekoa feniziar alfabetoan oinarritzen zen. Latindarrek, azkenean, jatorrizko 26 etruriar letretatik 21 hartu zituzten.
Jatorrizko latindar alfabetoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]A | B | C | D | E | F | Z | H | I | K | L | M | N | O | P | Q | R | S | T | V | X |
- C letra gamma grekoaren mendebaldeko forma zen eta /g/ irudikatzen zuen.
- I letrak i eta j irudikatzen zituen.
- V letrak u eta v ordezkatzen zituen.
- K a. III. mendean zehar, Z hizkia galdu egin zen, ordungo latinak ez baitzuen behar, eta G letra berria sartu zen bere lekuan, Plutarkoren arabera Spurius Servilius Ruga esklaboak asmatua. Beraz, c =/k /, g =/g/ geratu zen irudikapena. Honela alfabetoak 21 letra izan zituen berriro.
- K. a. I. mendean, Erromak Grezia konkistatu ondoren, Y eta Z letrak sartu eta birsartu ziren, hurrenez hurren, eta amaieran kokatu zituzten.
- Klaudio enperadoreak (41-54 aginte gorenean) hiru letra berri (klaudiar letrak) sartzeko egindako saiakerak denbora gutxi iraun zuen.
Aro klasikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aro klasikoko latindar alfabetoak 23 karaktere zituen:
A | B | C | D | E | F | G | H | I | K | L | M | N | O | P | Q | R | S | T | V | X | Y | Z |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Garai hartan bi kaligrafia mota zeuden:
Erromatar letra larriak edo idazkera nagusia, inskripzio solemneetan erabilia, monumentaletan, ohorezkoetan edo hil izaerakoetan. Errepublikaren garaian, Goi eta Behe Inperioan erabili zen, baita Erdi Aroan eta Aro Modernoan ere. Oro har, gaur egungo letra larrien jatorria da.
Antzinako erromatar letra etzana, letra etzana larria edo cursiva capitalis ere deitua, administrazio inperialeko funtzionario erromatarrek, merkatari batzuek, hezkuntza sistemako bigarren mailako ikasleek eta abarrek erabilitako idazkera profesional bat zen, trazadura arinagoa eta egite bizkorragoa ahalbidetzen zuen idazketa, material bigunaren (argizaria, buztina edo papiroa) edo erdigogorraren (pintatutako zura) gainean tintaz idazteko ohiko idazkera bezala orokortu zena.
Latin berantiarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromatar inperioan, latinezko alfabetoa penintsulatik latina hitz egiten zen Mediterraneo inguruko lurralde osoan zehar hedatu zen; hala ere, inperioaren ekialdean, hau da, Grezian, Asia Txikian, Mediterraneoaren ekialdean eta Egipton, grekoak jarraitu zuen hizkuntza nagusia izaten eta alfabeto greziarra gehiago erabiltzen zen. Latina, batez ere, inperioaren mendebaldeko aldean hitz egiten zen, eta Goi Erdi Arora arte jarraitu zen hitz egiten, latin arrunteko dialektoetatik hizkuntza erromantze modernoak sortzen hasi ziren arte, besteak beste, frantsesa, italiera, gaztelania, portugesa, asturiera, galiziera eta katalanera, Dazia ekialdeko probintziako errumanieraz gain. Mendebaldean latindar alfabetoa erabiltzen jarraitu zuten, bere hizkuntza-premietara egokituz, baina errumanierak alfabeto zirilikoa hartuko zuen Goi Erdi Aroan, bizilagun eslaviarren eraginez.
IV. eta VI. mendeen artean erabilitako idazkera motarik solemneena, nagusiki, material gogorraren eta luxuzko liburuen idazkunetarako erabiltzen diren maiuskula nagusiak dira, nahiz eta pixkanaka-pixkanaka idazkera untziala antzeko funtzioa betetzen hasi faktura oneko liburuetan eta dokumentuetan. Erromatar letra etzanak forma maiuskulen letra etzana ordezkatu zuen idazkera profesional eta espezializatuaren forma bezala.
Erdi Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdi Aroan, latindar alfabetoa (batzuetan aldaketekin) hizkuntza erromanikoak idazteko erabili zen, latinaren ondorengoak direnak, baita zeltak, germaniarrak, Baltikoak eta eslaviar hizkuntza batzuk ere.
Kristautasunaren ondorioz, alfabeto latinoa Europako iparraldetik zabaldu zen idazkera ezagutzen ez zuten edo sistema grafiko desberdinak zituzten herrietara, alfabeto errunikoa kasu. Gauza bera gertatu zen latinezkoak ez ziren hizkuntzak hitz egiten zituzten beste herri batzuekin, hala nola, lituaniera eta letoniera bezalako hizkuntza baltikoekin eta finlandiera, hungariera eta estoniera bezalako hizkuntza ez-indoeuroparrekin. Erdi Aroan, eliza katolikopeko mendebaldeko eslaviar hizkuntzek ere hartu zuten latindar alfabetoa, gerora poloniera, txekiera, kroaziera, eslovakiera eta esloveniera modernoak sortuko zituztenak. Eliza ortodoxoaren eraginpean geratu ziren ekialdeko herri eslaviarrek, berriz, alfabeto zirilikoa hartu zuten.
Erdi Aroan ere, honelako lotura tipografikoak erabiltzen hasi ziren «Æ» y «Œ».
Ordura arte existitzen ez ziren minuskulak, erromatar letra etzan berritik abiatuta garatu ziren, minuskula bisigotikoak edo merovingioak kasu, Behe Erromatar Inperioaren idazkunen eboluziotik sortu ziren hauek eta untzial, erdiuntzial eta letra xehe etzana bezala ezagutzen dira. Letra nagusia inskripzio garrantzitsuetarako, izenburu, errubrika edo irakurlearen arreta deitzeko balio duten elementuak idazteko erabiltzen jarraitu zen. Gaur egun latinezko alfabetoa erabiltzen duten hizkuntzetan, letra larriak erabiltzen dituzte letra edo esaldiak eta izen propioak hasteko. Letra larrien erabilerarako arauak aldatu egin ziren denborarekin eta hizkuntza desberdinen arabera.
Aro Modernoaren hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVI. mendetik aurrera, "J" eta "I" soinuak bereizten joan ziren. U forma eta V forma, noizbehinka ezberdintzen ziren, baina banaketa ez zen arau bihurtuko XVIII. mendera arte.
Inprenta agertu zenean, latinezko tipografia agertu zen, XV. mendean erabiltzen ziren minuskula-modalitate ezberdinetatik hartutako formekin, letra gotiko eta erromatar tipoak kasu, Italian mende osoan zehar erabilitako idazkera humanistikoaren egokitzapen tipografikoa izan zirenak.
Aro Modernoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVIII. mendean "J" eta "U" letrak hartu ziren, eta oinarrizko alfabeto latindarraren 26 letrak ezarri ziren, gaur egun ezagutzen ditugun moduan:
A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | Q | R | S | T | U | V | W | X | Y | Z |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Garai kolonialean alfabetoa mundu osoan zehar hedatu zen, aurretik forma idatzirik ez zuten hizkuntza askok hartu zutelarik edo beste idazkera batzuek desplazatuz. Garai honetan, kristautasunak ere lagundu zuen, misiolariek Biblia Europatik kanpoko hizkuntzetara itzultzeko erabili baitzuten. Alfabetoak bere banaketa eremua handitu zuen Amerika, Afrika, Ozeania eta Asia osoan, espainiar, portugaldar, ingeles, frantses eta holandar hizkuntzen hedapenari jarraituz.
XIX. mendean errumaniarrek alfabeto latinoa hartu zuten. Errumaniera erromantze hizkuntza den arren, populazio gehiena kristau erlijio ortodoxokoa zen eta ordura arte alfabeto zirilikoa erabili zuten. Vietnamek, frantziar dominaziopean, alfabeto latindarra hartu zuen vietnamdarra transkribatzeko, lehenago karaktere txinatarrak erabili zituena. Austronesiar hizkuntza askotan ere sartu zen, tagaloa, Filipinetako beste hizkuntza batzuk, malaysiera eta Indonesiako beste hizkuntzak kasu, arabiar alfabetoa eta ordura arte erabilitako alfabeto brahamikoak ordezkatuz.
1928an, Mustafa Kemal Atatürk-ek Turkian alfabeto latinoa ezarri zuen turkiera idazteko, aurretik alfabeto arabiarra erabiltzen zuena, bere erreformen zati bezala. Turkiar hizkuntzak hitz egiten zituzten antzinako SESBeko herri gehienek, hala nola Tartaroak, Baskireak, Azeriak, Kazakhstarrak eta Kirgiziarrak, besteak beste, alfabeto turkiarra erabiltzen zuten 1930eko hamarkadara arte. Berrogeiko hamarkadan denek zirilikoagatik ordezkatu zuten, baina Sobietar Batasuna 1991n erori ondoren, errepublika independente berri askok latindar alfabetoa hartu zuten. Azerbaijanek, Uzbequistanek eta Turkmenistanek alfabeto latinoa hartu dute ofizialki azeriera, uzbekera eta turkomanera idazteko, hurrenez hurren.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Plutarko (Romulus 6,1) eta Halikarnasoko Dionisiorentzat (Antiquites Romanae 1, 84, 5) Romulo izan zen alfabeto grekoa erromatarren artera sartu zuena, Gabiin grekoekin jaso baitzuen bere hezkuntza. Tazitok (Annales II, 14) Evandro grekoarengandik jaso zutela zioen. Plinio Zaharrak (Historia Naturalis 7, 56, 193), berriz, etruriarren aurreko Etruriako biztanleengandik jaso zutela esaten zuen, pelasgiarrengandik.
- ↑ La escritura y el libro en la antigüedad. Ediciones Clásicas [2004] ISBN 8478825479. PMC 60614176. (Noiz kontsultatua: 2019-09-25).